XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pausoak haruntz zuzendu eta haren parera iritsi naizenerako, bide bazterrean izozturik zegoen agure bat zela ikusi dut.

Pena eman dit gizagaixoak.

Pena motel bat, ordea, hamaika negu gorritan hamaika hanemenkari izoztuta ikusi izanak moteldutako pena.

Eta esperientzia honek begiratu nauela engainuan erortzetik pentsatu dut; erakutsi bait dit erakutsi, agureak aurpegian agertzen zuen irribarrea hotz ankerrak izoztekotan daudenei protestagabeko heriotzaren truke, iruzurrez, eman ohi dien irribarrea zela.

Horrelako senti-burutapenok zebiltzan nere barruan, bapatean, eskuartean zeukan koadernoaz erreparatu dudanean.

Eta ikara batek astindu dit bihotza; esan dudanez agure zahar izoztuetan esperientzia apur bat badut ere, inoiz ez bait dut haietako inor idazkirik eskuartean zuela hil denik, ez ikusi, ez entzun.

Bistan zen agureak azken mezu bat senideren batentzako mezu bat, seguru asko, idatzi zuela edo idatzi nahi izan zuela, behinik behin.

Haren borondatea bete nahian, baina jakinminez batera, koadernoa hartzen saiatu naiz.

Alferrik, ordea, behatz zurrunduen artean kateaturik bait zeukan.

Ba zirudien, hiltzekotan zegoela eman nahi izan zuen mezuari eutsi nahi balio bezala hilda gero.

Honek areagotu besterik ez du egin nire jakinmina.

Hamaika saio egin dut honetan, eta hamaika aldiz, jada isekakorra iruditzen zitzaidan irrifar laso hura izan da nire hutsegitearen ordaina.

Azkenean, lortu dut; lotsa ematen dit, ordea, nola.

Koadernoa nireganatzeko egin behar izan dudan borroka makabro horrek eragindako irrikaz, elurrak eta hormak hondatutako azala altxatu dut.

Ezer ez... Bihotza kolpeka nuela, ziztuan pasa ditut orriak.